Vasco-Navarro deritzonaren lekukoak

50 urte igaro dira, Arabatik igarota, Gipuzkoa eta Nafarroa lotzen zituen ferrokarrilak azken bidaia egin zuenetik

1967ko abenduaren 31. Goizeko 9:00ak Gasteizko Norteko geltokian. Hiria zuri esnatu da. Geltokiko nagusia bere bulegotik atera eta nasara hurbildu da. Txistu-hots lehor eta goibelaz, Vasco-Navarro trenaren azken bidaia izango denaren irteera iragarri du. Lehenengo bagoian, Ireneo Aramendia, txartel-zulatzaile duela urte luzeak, nahigabez zulatu ditu Maezturaino doazen ama-alaba batzuen txartelak.

2018ko otsailaren 28a. Goizeko 9:00ak Gasteizko tren geltokian. Julianek eta Manuelek, Vital Fundazioaren boluntarioek, sarrerako hallean egin digute ongietorria, 55 urtetik gorakoentzako hiri-xendazaletasun programaren beste jardunaldi bati ekiteko prest. Gizon-emakume talde horrekin batera egin ditugu oinez, Vasco-Navarro ferrokarrilaren trenbideak  Gasteizetik igarotzean dituen ia 7 kilometroak. Gaur egun Gasteizen dagoen Renfe geltokitik Gamarrako igerilekuetako aparkalekuraino, eta tren horren azken bidaia, 1967ko abenduaren 31n, nolakoa izan zen imajinatzen dugu.

Duela 50 urte luze gertatu zen bezala, eguna elurtuta argitu da, estalki zuria espaloietan metatzen da eta termometroak -3ºC markatzen ditu. Baina hori ez da arrazoi nahikoa +55 taldekoak izutzeko. Egia da zenbait baja izan direla ibiltarien artean, baina babes-arropa beroa eta oinetako egokiak jantzita doazen 20tik gora lagunez osatutako taldea, bagoaz abenturara.

Manuelek, gida boluntarioetako batek, Norte geltokiko eraikina erakutsi du argazki batean , hori baita ibilbidearen abiapuntua

Ibiltzen hasi baino lehen, Julianek azaldu du oraingo honetan Vasco-Navarro trenaren ibilbidea aukeratu dutela “2017an 50 urte bete zirelako linea hori itxi zenetik. Data hori oroitzeko aukera ona zela pentsatu genuen, oraindik gogoratzen dugu eta. Gaur ibilbide osoa egingo dugu, geltokitik Gamarrako aparkalekuraino”.

 “El Trenico” zer den galdetzen badizuegu, badakizue zeri buruz ari garen?, oroitzen duzue?

“El Vasco” edo “El Anglo” izenez ere ezaguna zen. Nola ez, erantzun du Eusebiok: “izena nafarrek jarri zioten”. Julianek dioenez, “beteranoak gara eta oroitzen dugu, noski. Hain zuzen ere, Enrique, gidaria den beste kide bat, umetan, Olagibel eta José Mardones kaleen arteko trenbide-pasagunearen ondoan bizi zen”. Ahapeka, Enriquek esan digu trenbidean txapak jartzera jolasten zela: “Txakur handiak jartzen nituen”.

Vasco-Navarro ferrokarrilaren historia

Vasco-Navarro ferrokarrilaren jatorria, Juan José de Herrán y Ureta arabarrak “Anunciador Vitoriano” delakoan argitaratu zituen artikuluetatik abiatu zen, Gasteiz Bilborekin lotzea defendatzen baitzuen, Bergaratik igaroko zen ferrokarril linea baten bidez. Gai horretan aditua den Javier Susok TrenManía aldizkarian bildu zuenez (2009ko iraila) “Bilbo eta Gasteiz euskal hiriburuak lotzea zuen helburu, une hartara arte zegoen baino modu logikoagoan”.

Euskal Y horren historia ez da gaur egungoa, izan ere, Herrándarrak bezalako gizonak konturatuta zeuden 3 euskal hiriburuen arteko lotura zuzenago baten beharraz (Pedro Sanz Legaristik jasoa, “Siglo y medio de proyectos Ferroviarios de Vitoria a Bilbao a la “Y” Vasca” bere liburuan).

Txu, txu, bidaiariak, trenera!

Gaur egungo Renfe geltokiaren lur azpiko pasabidetik Unibertsitatearen pasealekura gurutzatu dugu. Hortik ederto ikusten da hirugarren nasa, Norteko geltokia zegoen lekuan, 1935ean inauguratua (Vasco-Navarro trenbide estuko trenarentzat).

Gasteizko Norteko geltokiaren eraikuntzaren irudia (Vital Fundazioaren hiri-xendazaletasun taldeak lagata).

Gure euritakoak ireki ditugu elurra egiten jarraitzen duelako, eta Unibertsitateko pasealekutik ibiltzen hasi gara. Heraclio Fournier eta Alboka kaleetatik, txistularien kalera iritsi gara, Juan Bautista Garriz kaletik jarraitu dugu eta buelta eman dugu Trenicoak Triana kaletik egiten zuen bihurgunea imitatuz.

Trenbidea oinezkoentzako zubitik zeharkatzen jarraitu dugu. Duela 50 urte, Trenicoa Madril-Irun trenbide gainetik igarotzea ahalbidetzen zuen zubi horrek.

 

El trenico pasando por un puente
Trenak gurutzatu dira Osasun Iturri kalea eta Jose Maria Iparragirre kaleetan kokatutako zubian
Egilea: Enrique Guinea, 1920 inguruan

 

Vital Fundazioaren +55 taldea, Trenicoa zihoan tokiko oinezkoen pasabidearen alboan. 2018

Oinez jarraitu dugu gure bidaia “Aranburutarrak” kaletik. Astiro-astiro Enriqueren auzora hurbildu gara (Judizmendi), eta lagunekin trenbidearen inguruan zertara jolasten zuten gogorarazi digu. Txikitako bere etxearen aurretik ere pasatu gara. Hemen ere, Pacok bere osaba Vasco-Navarro trenaren makinista zela kontatu digu. Oraindik ere oroitzen du “behin batean, nire osabarekin joan nintzen Lizarrara. Joanean, untxi bat ikusi genuen trenbide bazterrean eta itzultzean hartzera gelditu ginen.

Hurrengo geltokia: Gasteiz-Hiria

Eta horrela Gasteiz-Hiria geltokia kokatu zen lekura hurbiltzen goaz, Herrandarren kalea. Manuelek, gure gidari partikularrak, kale horren izena XIX. mendearen amaieran Vasco-Navarro Ferrokarrilaren sustatzailea izan zen familiatik datorrela gogorarazi digu.

Hasi da algara, taldekide asko euren pasadizo eta oroitzapenak kontatzen hasi dira.

  • Izkina hartan egon zen Elizbarrutiko ikastetxearen lehendabiziko zentroa, duela 75 urte.
  • Hau basatza zen, hemendik ganadua pasatzen zelako, hor goian dagoen uraskara joateko.
  • Hemen baskula bat eta esplosibo fabrika bat zeuden.
  • Han ez dakit zer zegoen…

Hunkituta gogoratzen dituzte haurtzaroko edo gaztaroko garai zaharrak.

Denak datoz bat Gasteiz-Hiria geltokia handia zela diotenean, hainbat trenbide eta biltegi zituena.

Gasteiz-Hiria geltokia, Herrandarren kalean. Santiago kaleko zubitik hartuta, Hegoaldea-Iparraldea norabidean. Erdialdean trenbide multzoa, eskerretara Demarkazioaren eraikina, geltokiaren ostean.

Iragana eta oraina

Vasco-Navarro trena, tren motela zen, hainbat geldialdi zituena, geltokiak edo geralekuak (esate baterako, Gasteiz-Iparraldea, Gasteiz-Hiria edo Olarizu, eta horrela, 42 bete arte, ibilbidearen 143 kilometroetan zehar). Antoniok oroitzen du Gasteizetik 9etan irteten zenean eta Oñatira 12:30ean iritsi (3 ordu luze 42,7 kilometro egiteko). “Tren motela zen, batez ere Aralabango mendatea igotzean (617 metro) Leintz Gatzagan. Ia-ia bultzatzera jaitsi behar zen”.

Trenbide estuko ferrokarrila zen Trenicoa, egungo tranbiak oroitarazten dizkiguna geltoki asko dituelako eta oso motel mugitzen delako.

Teresak dio “trenean igo zela Kanpezukoa delako eta Gasteizera etortzeko erabiltzen zuelako, autobusak hasi baino lehen”. Garai hartan auto gutxi zegoen, eta ohiko garraiobidea zen. “Kanpezuko geltokia desagertu egin zen” jarraitu du Teresak. Batzuk oraindik daude zutik gaur, ahal nola Antoñana, Maeztu, Aberasturi, eta “oso politak” dira, azpimarratu du Teresak.

Rosa Mariak trena urtegira joateko hartzen zuela kontatu digu: “Herrandarren kalean hartzen genuen trena urtegira joateko, eta hartara, eguna ematen genuen han”. Txarok diosku “polita zen hura, herri guztien sarrerak ezagutzen genituen: Gamarra, Miñano, Retana… Leku guztietan genuen 5 minutuko geldialdia. Nahiz eta trena mugitzen ikusi, martxan har zenezakeen. Hori, txikitan, egin dugu”, gogoratzen du.

Ibilbidearen amaiera: Gasteiz-Gamarra. Ez zaitezte ahaztu zuen gauzak hartzeaz

Ibilbidean aurrera goaz José Mardones eta Ballester Apezpikuaren kaleetatik. Betoñuko Atea (Bilborantz) eta Madril kaleen bidegurutzean Manuelek gelditzeko esan digu: “Gune hau Bidegurutzea izenaz zen ezaguna, gurutzatzen diren kaleen garrantziagatik”. Ibilbidearen amaierarantz goaz. 2 kilometro inguruko bide zuzena bizikleten karriletik edo Vasco-Navarroaren bide berdea. Gaur egun gorria ez den bide zuzena (bizikleten karrilaren kolorea), ezta berdea ere (bide berdeagatik), baizik eta elurraren zuri kolorekoa.

2018ko otsailak 28. Goizeko 12:00ak. Ia 3 ordu elurretik ibiltzen eman ondoren, Gamarrako igerilekuetako aparkalekura iritsi gara. Gure imajinazioan Trenicoa Gasteizetik irten da, Eskalmenditik, 1967. urteko azken egunean. Bere azken bidaia, Mundu Bankuak errentagarriak ez ziren trenbideak ixtea eskatu baitzuen. Eta Trenicoa ez zen errentagarria. Baina, iraultza bat ekarri zuen. Arabar, gipuzkoar eta nafar askok erabili zuten. Merkataritza harreman asko eraiki zituen, baita ezkontzakoak ere. Bertako askori euren herrietatik irtetzea ahalbidetu zien. Aurrerago, mendizaleen eta hondartza zaleen trena ere izan zen. Baina ez zen errentagarria. Eta historian zehar beste kontu askorekin gertatu den bezala, desagertu egin zen. Gaur egun, dagoeneko ez daude trenbide-trabesak, baina Bide Berde bilakatu da, aisialdirako eta turismorako. Teresak, Kanpezuko emakumeak, “egin ahal izan duten onena Vasco-Navarro trenaren Bide Berdea izan da. Gure herrian asko erabiltzen da, paseatzeko eta bizikletaz ibiltzeko” esan digu.

Gaurkoz, agur esan diogu ibilbide kutun horri eta eskerrak eman dizkiogu Vital Fundazioaren hiri-xendazaletasun talde osoari, 55 urtetik gorako gizon eta emakumeak, baina abenturazaleak eta ikasten eta bizitzaz gozatzen jarraitzeko gogotsu.

55 urtetik gorako pertsonek, udazken eta neguko aste guztietan, hiri-xendazaletasun ibilbide batez gozatzeko aukera izango dute, paisaia eta kultura uztartuz. Aprobetxa ezazu denboraldi hau, eta zatoz martxoko azken irteeretara. Hurrengo udazkenean itzuliko gara!

Iritsiera Gamarrako igerilekuko aparkalekura, Vasco-Navarro ferrokarrilaren ibilbidearen amaiera.

Leihoaren argitalpenak jaso nahi badituzu eman ezazu izena gure newsletter zerrendan.