Euskal zinemaren hastapenak

Euskal zinemaren historia zazpigarren artearen hasierarekin batera sortu zela esan daiteke. Bidaia laburra bezain bizia egingo dugu gure lurraldeko zinemaren hasieretara.

1895eko abenduaren 28an sortu zen Zazpigarren Artea deritzona. Lumière anaiek Parisko Grand Café-n eman zuten historiako lehenengo filma. Ekitaldira bertaratu zirenek eguneroko zenbait eszenaz gozatu zuten. Ohiko eta eguneroko egoerak, ez bada makina batek atzituak eta mugimenduan aurkeztuak zirelako. Denbora kontua zen tresna hura denbora-pasa jendetsua bilaka zedila. Denbora laburrean, arte zinematografikoaren gurasoak munduan zehar ibili ziren euren asmakizuna ezagutzera emateko. Jende guztia geratu zen nobedade hartaz liluratuta. Ordutik aurrera, gizateriaren historia betiko atzitua geratu da, Lumière anaien ametsari esker.

Hasierako urratsetan, zinema gizartearen eszena laburrak besterik ez zen. Erromeriak, jaiak eta aisialdirako nahiz joandako garai bateko lekuko izateko balio zuten mota guztietako eszenak. Jendarteratzean, zinemagileek fikzio zinematografikoaren garapenean zegoen potentziala ulertu zuten. Soinu barik ere, zinemak bere ikuspegi dokumentala alboratu zuen, fantasiaren helburuari jarraiki. Adin guztietako milioika pertsonek bete zituzten zinema-aretoak, mota guztietako abentura animatuez gozatzeko. Arlo zinematografikoko lehendabiziko izarrak sortu ziren. Rodolfo Valentino, Louise Brooks, Charles Chaplin edo Buster Keaton dira horietako batzuk. Industria eratu zen zinemaren inguruan. Industria horrek Estatu Batuetan, zehatzago esanda Hollywooden, aurkitu zuen bere gotorlekua eraikitzeko tokia. Geroago zinemaren Meka izenaz egin da ezagun.

Lehendabiziko urratsak

Baina, zinema produktu amerikarra baino zerbait gehiago, harago doa. Zinema elementu kultural globala da. Gure planetako bazter guztietan daude sortzaile zinematografikoak. Euskadi ez da salbuespena. Euskal zinemaren historia azken 120 urteetan zehar zabaltzen da. 1896 eta 1910eko hamarkadaren artean, Lumière-tarrek edo Fructuós Gelabert-ek euskal ohiturei eta gizarteari buruzko grabazio eta dokumental ugari egin zituzten. Euskadiko Filmategiaren fondoetara hurbiltzen bagara, garai haietako benetako bitxiak aurkituko ditugu, esaterako, Irun filma edo San Mames zelaiaren inaugurazio-partiduko zenbait eszena. Dagoeneko mende bat baino gehiagoko antzinatasuna duten piezak.

Arantxa Renteria
Arantxa Rementeria aktorea Euskal Zinemaren III. astea (1987ko otsailean)

Laster etorri ziren lehendabiziko filmak. Telesforo Gil Garcíak ‘Edurne, modista bilbaína’ egin zuen 1924an, luzaroan lehenengo euskal film luzearen titulua izan zuen lana. Ez zen merezitako titulua, ordea, 9 urte lehenago Louis Feuillade frantsesak, ‘Fantomas’ lan ezagunaren zuzendariak ‘Un drame au Pays Basque’ egin baitzuen. Dena den Gil Garciaren filmak erabateko arrakasta lortu zuen. Txarteldegi arrakasta itzela izan zen, garai hartako komunikabideek jaso zutenaren arabera. Erabilitako aurrekontua baino bost aldiz gehiago bildu zuen. Zegoen kopia bakarra zinemaz zinema bidaiatzen joan zen eta nabarmen narriatu zen. Zoritxarrez, ez da ‘Edurne, la modista bilbaína’ lanaren kopiarik gorde, gidoiaren kopiak badaude ere.

Film madarikatua

Euskal zinemaren hasierako une haietako beste arrakasta bat ‘El mayorazgo de Basterretxe’ izan zen. Mauro eta Victor Azkona anaiek ekoiztua eta zuzendua 1928an, 53 minutu inguru dirauen soinurik gabeko film luze horrek historia eta bitxikeria ugari gordetzen ditu. Film horretan ikusi zen lehendabizikoz ikurrina bat pantaila handian, eta garai hartako gobernuari ez zitzaion batere gustatu. Gobernadoreak, gidoia irakurri eta eszena hura deskubritzean, debekatzea erabaki zuen. Ez zen izan jarri zuen eragozpen bakarra. Egun batzuk geroago, eta errodajea abian zela, filmean parte hartzen ari zen aktore-talde osoa, estrak ere bai, Bilboko bazter askotatik ibili ziren, jantzi tradizionalak soinean. Kontu hori gobernadorearen belarrietara iritsi zenean, berehala argitaratu zuen iragarki bat prentsan, manifestazio folklorikoak debekatzeko, aldez aurretik baimena eskatu gabe.

Hala eta guztiz ere, Azkona anaiek euren lana osatu ahal izan zuten. Benetako euskal izaera islatzen zuen lan zinematografikoa egin nahi izan zuten. Filmaren publizitate-orriek harrotasunez jasotzen zuten filmeko guztiak zuela euskal jatorria. Gure lurraldeko kultura eta folkloreari egindako oda izan zen. 1928ko abenduaren 19an estreinatu zen ‘El mayorazgo de los Basterretxe’. Publikoa eta prentsa konkistatu bazituen ere, lortu zuen arrakasta ez zen eragindako gastuak amortizatzeko adinakoa izan. Filmak ez zituen aretoak bete Euskaditik kanpo. Zergatia? Bilakaera. Egun haietan, soinudun zinema bere lehenengo urratsak ematen ari zen. Aurrerapen teknologiko hark zinema mutua erahil zuen, eta kalte handia egin zion Azkona anaien lanari.

Hala ere, ‘El mayorazgo de los Basterretxe’ euskal zinemaren erreferente bilakatu zen. Estreinatu zenetik 50 urte geroago berrestreinaldia egin zen eta Victor Azkona eta filmeko zenbait aktore bertan izan ziren. Mauro, Victorren anaia eta filmaren zuzendarikidea, ezin izan zen joan, gerraren amaieratik antzinako Sobiet Batasunean bizi baitzen. Azken bitxikeria, film horretako eszena batzuk, Julio Medem euskal zuzendariaren ‘La pelota Vasca’ film ospetsuan erabili ziren.

Historia aurrera doa

Telesforo Gil, Azkona anaiak edo aipatutako Feuillade bezalako pertsonei esker eratu ziren euskal zinemaren oinarriak. Zinema hori gure lurraldeko tradizioak eta testuinguru historikoak lehenengo pertsonan kontatzeko baliatu da. Zinema batzuetan konplexua eta beste batzuetan publiko guztietarako irekia. Azken urteetan zenbait izen ospetsu egin dituen zinema, hala nola Erice, Sojo, Uribe, De la Iglesia, Bajo Ulloa edo Cobeaga. Azken mende erdian eremu nazionaleko film arrakastatsuenetako batzuk sinatu dituzten zinemagileak.

Baina Euskadi interprete handien harrobia ere izan da eta bada. Bárbara Goenaga edo Unax Ugalde, Terele Pavez edo Álex Angulo,  Anabel Alonso edo Iñaki Miramon dira euskal artisten firmamentuko izar handien adibideetako batzuk. Firmamentu horrek Vitoria-Gasteizen du hitzordua 1985etik aurrera. Urtero, otsailean, Euskal Zinemaren Asteak azken urtean euskal egileek sinatutako film onenen aukeraketa eskaintzen die gasteiztarrei. Erakustaldiak, sortu zenetik Vital Fundazioak antolatuak, gure lurraldeko zinema sustatzea du helburu, eta hainbat sari banatzen dira aitortzan. Lehenengoa, antolakuntzak berak urtero ematen diona figura arabar bati. Egun horietan emanaldietara doazen pertsonek hitza eta botoa dute, edizio horretan eman den film labur onenari eta film luze onenari botoa emateko. Itxiera gala baten egiten da urtero sari-banaketa, baita azken lanen emanaldia ere.

Artikulu honetako argazkiak Sancho el Sabio Fundazioaren dokumentu-fondokoak dira

Leihoaren argitalpenak jaso nahi badituzu eman ezazu izena gure newsletter zerrendan.