Pablo Berger, Blancanieves eta Abracadabra filmen zinema-zuzendaria

Ipuina nire inspirazio-iturria da, nire lan-ibilbidean egiten dudan guztia ipuinak dira

Ipuina nire inspirazio-iturria da, istorio-kontalaria naiz

Pablo Berger zinema-zuzendari bilbotarra da, eta 30 urte daramatza zinema egiten. 1999an instalatu zen Madrilen, New Yorkeko Unibertsitate ospetsuan ikasi ondoren. Unibertsitate horretan ikasi dute izen oso ospetsuek, hala nola, Scorsese, Jim Jarmusch, Oliver Stone edo Spike Lee. Irakasle ere aritu da New Yorkeko Zinema Akademian.

Zinemagileak, 1963an jaioak, hiru film luze grabatu ditu orain arte: Torremolinos 73; Blancanieves (10 Goya lortu zituen 2013an, horien artea film onenari emandakoa) eta Abracadabra. Berger-ek dio bere nahia “ikusleak hunkitzea dela eta bidaia bat egin dezala, 90 minutuz mundu honetatik ihes egin dezala eta beste leku batean murgil dadila, bidaia dezala denboran eta espazioan”.

Bere azken filmak, Abracadabra (2017ko abuztuan estreinatua), Vital Fundazioak antolatutako Euskal Zinemaren 34. Astea inauguratu zuen (“Lastima da bertan egon ezin izana eta filma aurkeztu ez izana”, esan digu). Gainera, zinema-zuzendariaren hitzetan “euskal zinema momentu oso onean dago. Euskaldunak, berez, hitz gutxikoak gara eta irudien bitartez idazten dugu: euskal eskultore, pintore eta zinema zuzendari handiak daude”.

Berger-ek ahots hurbila eta atsegina du, zinema munduari eta bere eskarmentuari buruzko elkarrizketa interesgarria izatera gonbidatzen gaituena.

Zer eman zizun New Yorkek hiria eta bizitzeko estiloari dagokionez zinema-zuzendari zaren aldetik hazteko?

Nire kasuan ezinbestekoa izan zen. Aukera izugarria izan zen. 90. urtean joan nintzen New Yorkera, Interneten garaia baino askoz lehenago eta artearen eta kulturaren munduko hiriburua zenean. Gurasoen etxean nire zinema poster eta guzti nuen logela utzi nuen eta abenturara joan nintzen hogeita piku urte nituela. Hiri liluragarri hura deskubritu nuen.

4 urte zoragarri izan zien. Heziketari dagokionez ez ezik, New York bezalako hiri batean bizitzeari dagokionez ere eta hiri horrek eskaintzen dizuna. Zinemagileak deskubritu nituen eta zinema erakusketetara joan nintzen. Garai hartan Espainiakoa baino askoz aurreratuago zegoen gizartea zen, aurrerakoiagoa. Hortaz, funtsezko bizi-esperientzia izan zen. Nire bizitzan urte giltzarriak izan ziren.

AEBn bizitzen 9 urte eman ondoren, nola erabaki zenuen itzultzea eta Torremolinos 73 filmatzea, zure lehenengo film luzea?

Torremolinos 73 lanaren gidoia New Yorken idatzi nuen. Une batean lan hori non filmatu pentsatzen ari nintzen, eta hor nire emazteak paper giltzarria izan zuen. Gidoiak Torremolinosen kokatu zuen istorioa, baina nik Las Vegas 73 jar niezaiokeen izenburua eta AEBn egin. Istorioaren muinak unibertsala izan behar duela irizten diot.

Nola bizi izan zenuen Espainiara itzultzea?

90eko hamarkadaren amaieran Madrilera iritsi nintzen eta gidoi honekin egin nuen pelegrinazioa hasi zen. Oso puztuta nentorren, oso bilbotar, nire zinema titulua besapean, nire iritziz inoiz idatzitako gidoirik onena nuen esku artean. Eta, errealitatean, itxi egin ziren ate asko aurkitu nituen. Inork ez zuen sinesten zinemagile baten lehendabiziko film luzea, pornografiari buruzkoa, 70eko hamarkada, Franco, kostunbrismoa eta aurrekontu altukoa, proiektu bideragarria edo komertziala zela. Urte asko izan ziren borrokatzen, lehian, berriz hasten.

Zinema-zuzendaria izateko, pazientzia handia izan behar da eta zure aukerari itxaron?

Bitxia bada ere, zinemagile ororen lan-ibilbidean askotan esaten dizute EZETZ, baina aurkitu behar duzuna BAIETZ bat da. Nik aurkitu nuen, baina, hala ere, nire bizitzaren bost urte izan ziren. Zorionez, ipuin gehienetan bezala, Torremolinos 73k amaiera zoriontsua izan zuen. Malagan estreinatu genuen eta sari mordoa irabazi genuen, txarteldegi arrakasta handia izan zen. Mundu osoan saldu zen, eta Txinan ere egin zen remake bat. Harro sentiarazten nauen bitxikeria horietako bat.

Bere lehendabiziko film laburrerako, Mama, Vuillemin-en komiki batean inspiratu zen. Blancanieves lanerako, Cristina García Rodero-ren España Oculta liburuko nano toreroen argazki batean. Bere azken lanerako, Abracadabra, duela 30 urteko anekdota batean, herriko jaietan bere lagun bat hipnotizatu zutenekoan.

Edozein unetan eta lekutan ideia handia aurkitzeko prest zaude?

Zinema-zuzendariek komunean duten ezaugarri bat jakinmina da. Goizero irakurtzen dut prentsa, ordubete gutxienez, zer gertatu den jakiteko. Hori ezinbestekoa da.

Kalea bizi dut, metroa hartzen dut, paseoan ibiltzen naiz, adi nago ea zer gertatzen den. Asko irakurtzen dut, erakusketetara joaten naiz, zinema asko ikusten dut, musika entzuten dut. Bitxia bada ere, zinemagilearen profesioak arte disziplina guztiak hartzen ditu barne. Denak erakartzen nau: diseinuak, modak, diseinu grafiko eta industrialak, interpretazioak.

Zure lanean esku hartzen duten espezialitate guztietatik, zein interesatzen zaizu gehien?

Gauza guztien gainetik, gehien interesatzen zaidana istorioak kontatzea da. Istorio kontalaria naiz. Nire lan-ibilbidean aurrerantz noan heinean, egiten dudan guztia ipuinak direla uste dut. Ipuina da nire inspirazioa. Nire kontakizunak xumeak izan daitezen saiatzen naiz: heroi bat izan dezatela, helburu bat, amaierako “mezu” txiki bat, istorioa azalean ikus daitekeena baino zerbait gehiago izan dadila.

Nolabait, ipuinek lagundu egiten didate. Zerbait desberdina egon dadila saiatzen naiz: kontatzeko moduan, ikusten denari dagokionez, muntaketan, begiradan. Beti-betiko ipuinen bitartez, zerbait berria egiten saiatzen naiz.

José Mota hipnotiza a Antonio de la Torre en la película Abracadabra
José Mota eta Antonio de la Torre ‘Abracadabra’ filmean

Behin baino gehiagotan aipatu duzun ezusteko hori sartzen duzu zure filmetan…

Bai, beti saiatzen naiz ikuslea harritzen. Nire ustez, zinemagile lanbideak ez du alde handirik magoaren lanbiderekin. Zinemaren eta ilusionismoaren jatorria oso lotuta daude. Nolabait esanda, zinema-zuzendariek truku piloa dugu eta ikuslea harritzea dugu helburu.

Esate baterako, Georges Méliès zinemagile izan baino lehen magoa izan zen. Orson Welles ere, bere lehendabiziko filmak egin aurretik, magoa izan zen. Abracadabra nire azken filmak lotura zuzena du magia eta mentalismoaren munduarekin.

José Motaren pertsonaiak Antonio de la Torreren pertsonaia hipnotizatzen duen eszena.

Soinudun zinema iritsi zenean, atzera pausua eman zen. Hitzak zinema menderatzen duenean, berezi egiten dutenak irudiak, musika eta zentzumen-esperientzia direla ahazten dugu.

Elkarrizketa honetan behin baino gehiagotan aipatu dituzu ipuinak. Blancanieves Grimm anaien lanean dago inspiratuta. Kontakizun horretako zein pertsonaiarekin identifikatzen zara?

(Barreak). Ipuin tradizionalean fijatzen banaiz, ipotxetako batekin, seguraski. Baina, nik egindako bertsioan, nire Blancanieves filmean, protagonistaren aitarekin, zalantza barik. Garai hartan, nire alabak 9 urte zituen, filmeko neskatoak bezala eta nik aita galdu berri nuen. Niregandik eta gure aitarengandik asko jarri nuen pertsonaia hartan. Nire iritziz, bertsio zinematografiko honetan, gauza desberdinetako bat aita da.

Jarrai dezagun Blancanieves lanari buruz hitz egiten, zure eszena gogokoena Carmencita-k, 9 urte dituela, bere aita ezagutzen duenean da. Hortxe diozu nabaritzen dela talde buru gehienen lana. Izan ere, horietako askorekin berriro egin duzu lan Abracadabra filmean. Zer nolako zuzendaria izango zinateke zu talde buru horiek gabe?

(Barreak) Jende askoren ahaleginaren batuketa da zinema. Talde hurbilena argazki zuzendaria, arte zuzendaria, muntatzailea, makillatzailea, ile-apaintzailea, zuzendaritza laguntzailea, ekoizlea eta aktoreak dira. Normalean ikusleak ez dira kredituak ikustera geratzen. Baina, Blancanieves lanean esaterako, 500 pertsona baino gehiago agertzen dira. Film batek jende askoren lana eskatzen du.

Blancanieves prestatzeko, Grimm anaien ipuinetan oinarrituta dauden film guztiak ikusi zenituen? Eta zinema mutukoak?

(Barreak) Ia-ia. Esajeratu gabe, ziur aski munduko onenetako bat den DVD bilduma dut. Blancanieves-en prestaketa prozesuak 8 urte iraun zuen, eta zinema mutu ahalik eta gehien ikusi behar nuen. Bitxi asko deskubritu nituen. Azterketa horren bitartez, zinema mutua berari buruz dugun irudia ez dela ulertu nuen. 20ko hamarkadan bazegoen asmatuta lengoaia zinematografiko modernoa bere horretan. Ez dago lehen egin ez den ezer berririk egiten duen zinemagilerik.

Zer da zuretzat zinema mutua?

Nolabait, niretzat, zinemaren urrezko garaia 20ko hamarkada da. Justu soinudun zinema iritsi zenean, nire iritziz, eta zinema historialari askoren iritziz, atzera pausua izan zen. Hitzak zinema menderatzen duenean, zera ahazten dugu, berezi bilakatzen duena irudien, musikaren eta zentzumenen-esperientziaren bidez idaztea dela. Aparteko zerbait hori da, irudiarekin eta soinuarekin zerikusi handia duen esperientzia kuantiko hori.

Zuzendaria izango ez bazina, prozesuaren zein ataletan zenuke gogoko lan egitea?

Nire kasuan, aktorea ez nintzatekeela izango ziurta diezazuket, oso-oso txarra naiz eta (barreak). Zinemaren atal guztien artean, gehien interesatzen zaizkidanak argazki zuzendaritza eta muntaketa dira.

Muntaketa prozesuaren atal liluragarria delako, gidoia berridaztearen antzekoa da, errodajea den gerratik irten eta zuzendaria eta muntaketakoa bakarrik daudenean. Une gozagarria da niretzat. Hobeto pasatzen dut ekoizpen osteko lanetan ekoizpenean bertan baino.

Argazki zuzendaria baino gogokoago dut muntatzailea izatea, zaratatik eta zoramenetik isolatuta. Bai, asko gozatzen dut ekoizpen osteko atal horretaz.

Duela 20 urte erabaki nuen bizitza zinema baino inportanteagoa dela

Oso gogoko duzu zinema ikustea, zinema egitea baino gehiago. Noizbait esan duzu zuretzat garrantzitsuagoa dela bizitza zinema-zuzendari izatea baino. Egunen batean filmak egiteari utzi beharko bazenio, nola biziko zenukeela uste duzu?

Zalantza barik, hori guztia esan dut eta benetan sinesten dut. Nire lehendabiziko filmak, Torremolinos 73 lanak, galdera hau botatzen du: zer da garrantzitsuagoa, bizitza edo zinema? Ni, duela 20 urte, asko kezkatzen ninduen, zinemagintzan hasten ari nintzenean. Garai hartan erabaki nuen bizitza zinema baino garrantzitsuagoa zela.

Premisa ona dirudi, film hobeak egiteko…

Zalantza barik, istorioak kontatzeko bizitza bizi behar da. Nire iritziz garrantzitsua da filmak ikustea eta maisuak errespetatzea. Idazleak, pintoreak, zinemagileak, musikariek gure lanbidetik edaten dugu. Nik zinema asko ikusten dut, film irenslea naiz. Baina ezin daiteke bizi filmen munduaz besterik ez.

Zertan arituko zinateke?

Nire bizitzan zerbait bat-batean aldatuko balitz, eta zinema utzi beharko banu, istorioak kontatzen jarraituko nuke. Beste modu bat bilatuko nuke. Izugarri interesatzen zait ilustrazioak egitea, istorioak irudien bidez kontatzea… agian argitaletxe txiki bat egingo nuke, asko gozatuko nuke lan horretaz.

Editore izango nintzateke. Istorioak idazteko ez ezik, talentuak deskubritzeko ere.

Emakume eta gizon deprimitu asko daude, haiek jakin gabe

Maribel Verdú-ren pertsonaia Abracadabra-n “auzoko deprimitu bat (jakin gabe)” dela diozu. Zure ustez, gaur egun auzoko deprimitu asko daude, eta ez dakite deprimituak direnik?

Askotan, zuzendariok, aktoreekin hitz egiten dugunean, biografia labur bat edo backstory sortzen dugu. Carmen pertsonaiaren kasuan, Maribelekin hitz egin nuena emakume deprimitua zela da, jakin barik (hori garrantzitsua zen guretzat). Emakume eta gizon deprimitu asko daudela, haiek jakin gabe.

Auzoko emakume bat da, langile klasekoa. Botikak hartzen dituen edo psikologoarenera edo psikiatrarenera doan emakume deprimitu horren kontzeptutik bereizteko, bere Prozac, bere antidepresiboa, azoka txikietara joatea eta erosketa konpultsiboak izan zitezela egin nahi genuen. Nolabait ere, horrek bizirik iraunarazten zuen.

Abracadabra lanaren errodajearen une bat. Zuzendaria, Pablo Berger, Maribel Verdú eta José Mota aktoreekin batera

Rodaje de la película Abracadabra de Pablo Berger
Pablo Berger zuzendariak Maribel Verdú eta José Mota aktoreekin pelikula filmatzearen momentu batetan

Atala hori ez da ikusten filmean…

Backstory horrek asko lagundu zien Maribeli eta jantzien diseinatzaileari. Inoiz depresioari buruz hitz egin gabe, bere begiradan nolabaiteko tristura dagoela ikus zedila nahi genuen. Bere senarrarekin duen harremanagatik, jarrera abusatzaileaz, basatiaz eta bortitzaz “hipnotizatuta” du eta. Berarentzat, irteera, azoka txikietan erostea da. Horregatik, sekuentzia bakoitzean, arropaz aldatzen da. Kolore horiek erabakitzea eta soinean jartzen duen alaitasun hori, bere bizitzako alderdi grisa orekatzeko da.

Duela gutxi egin da Euskal Zinemaren 34. Asteartea, eta 6 film labur eta 5 luze eman dira, euskal profesionalek eginak edo ekoiztuak. Zer deritzozu euskal zineman egiten ari den azkenari?

Euskal zinema une oso onean dago, nolabait esanda beti egon da. Euskaldunak, berez, hitz gutxikoak gara eta irudien bitartez idazten dugu: euskal eskultore, pintore eta zinema zuzendari handiak daude… Zerrenda amaitezina da, eta zorionez, berriak sortzen ari dira. Zalantza barik, euskal zinemaren ezusteko handietako bat Handia filmaren zuzendariak izan dira, aurretik Loreak filmatu zutenak, hain zuzen ere.

Gogor datorren film laburren egile harrobia dagoela da onena. Film laburren jaialdietako epaimahaikide naiz eta hortxe dauden euskal zinemagileak daudela ikusten ari naiz eta laster emango dutela film luzerako jauzia. Batez ere sortze-mailan pil-pilean dago eta momentu oso onean.

Leihoaren argitalpenak jaso nahi badituzu eman ezazu izena gure newsletter zerrendan.