Jolastea bizitzen ikastea da

Albert Einsteinek esan zuen jokoak ikerketaren formarik jasoena direla, eta ez zitzaion arrazoirik falta. Helduok, egun batean haurrak ere izan ginenok, jostailuen bidez ikasi dugu sozializatzen, emozio eta irakaspenetako kide leial horien bidez, hain zuzen ere. Nork ez du gogoratzen bere jostailu-denda gogokoenaren erakusleihoa? Kaxen eta bilgarrien kolore biziak? Jostailuen estreinatu berrien usaina? Argiak eta soinuak, ehundura desberdinak? Gure haur-adrenalina izugarri igotzen zuten abestitxo itsaskorrak zituzten iragarkiak? Lehen oroitzapen horiek betiko izango ditugu lagun. Baina, gero eta teknologikoagoa den mundu honetan, hainbeste aldatu da gure jolasteko modua?

Autoak, panpinak, kromoak eta kanikak; horiek guztiak imajinario kolektiboaren zati eztabaidaezinak dira dagoeneko. Eta kontuz, ez da gai hutsala-eta. ‘Homo ludens’ (jolasten den gizakia): horrela definitu gintuen Johan Huizinga historialari herbeheretarrak 1938an argitaratu zen izen bereko liburuan, eta bertan, pentsalariak jokoaren garrantzi sozial eta kulturala aztertu zuen. Hortik ondorioztatzen da jostailua norbanakoaren beraren harago doala, eta helduaroan bere komunitatea izango den horretan parte hartzeko prestatzeko tresna bihurtzen dela.

Neskatoek eta mutikoek gizartearen eta, hedaduraz, gizadiaren ohiturak eta balioak ikasteko erabiltzen dituzten tresnak dira jostailuak. Hau da, gizarte kohesio funtzioa betetzen dute. Bazioen Monsieur Honorek ere: ” Taldean jolasteak, ikuskizuna zuzentzeko heldurik gabe, beste pertsona batzuen sentimenduak sumatzen irakasten die haurrei, baita giza harremanen parte diren frustrazioa eta kontzesioak maneiatzen ere”.

Jolastea, entretenimendutik harago

Ez da kasualitatea Espainiako Errege Akademiak (RAE) erregistratutako ‘jostailuaren’ lehenengo adiera “haurrek jolasteko eta gaitasun jakin batzuk garatzeko objektua” izatea. Bigarren adieran, RAEk “entretenitzeko balio duen objektua” aipatzen du. Beraz, jostailuek batez ere hezteko balio dute, eta gero dibertitzeko, eta ez alderantziz.

Neurozientziak ere teoria horri eutsi dio: jolasteak garunaren zenbait arlo indartzen dituela eta mugimenduen koordinazioa (psikomotrizitatea) hobetzen laguntzen duela frogatuta dago, baita erabakiak hartzea eta bulkaden kontrola ere. Gainera, txikienen heldutasuna bultzatzen du; izan ere, jostailuei esker, kausa-efektu erlazioa ikasten dute (“baloia bultzatzen badut, mugitu egiten da”) eta saiakera-errore metodora ohitzen dira (“gogor ematen badiot, bidali nahi dudan tokitik harago doa”). Azken finean, Francesco Tonuccik zioen bezala, jolastea munduko zatitxo bat mozteko eta ulertzeko helburuz manipulatzeko aukera da. “Haurrek ez dute ikasteko jolasten, baina jolasten direlako ikasten dute”, adierazi zuen, era berean, Jean Piaget epistemologo suitzar ospetsuak. Beraz, funtsezkoa da jarduera horri denbora eskain diezaiotela, eta hori ez litzateke inolaz ere luxutzat hartu behar, norberaren garapenerako premiatzat baizik.

Izan ere, arreta, abstrakzioa, memoria eta irudikapena bezalako trebetasunak sustatzen laguntzen du jolasteak, hezkuntza-esparruko adituen arabera. Hartara, jostailuek gure txikien zentzumenak, irudimena eta sormena sustatzeko balio dute. “Jolasaren baliotsuena pasibotasunetik aterarazten gaituela da, ezarritako ordena hausten duela eta eraginkortasunarekiko edo erabilgarritasunarekiko kezka orotatik haratago dagoen anabasa eremu batean jartzen gaituela. Bizitasunez eta freskotasunez betetako anabasa da” esan zuen Luis Maria Pescetti idazle argentinarrak. Baina ez dadila inor izutu ‘anabasaz’ ari garenean; antzinako grezieraz zuen jatorrizko esanahiaren arabera, “irekitzen den espazioa” besterik ez da. Eta esploratzeko eta esperimentatzeko erabateko ekintza-askatasuna dagoen espazio mugagabe zoragarri horretan, dena gerta daiteke.

Jostailuak, atzera begirako ikuspegia

Jostailuek antzina-antzinatik lagundu diote gizakiari. XX. mendera atzera eginez gero, beteranoenek antzinako jostailuak egiteko erabiltzen zen material gogokoena gogoratuko dute: latorria. Altzairuz egina eta eztainuz estalitako material arin eta moldekagarri horrek, zeinak, bertsio litografiatuan, hainbeste txikiren gozamena egin baitu azken mendean zehar, itsasontzi, tren, gurdi, tranbia, karrusel, motozikleta eta abarren eran. Levantek berebiziko garrantzia izan du, Alacanteko Ibi bezalako herriak ditu-eta. Herri horretan oraindik batzuk gogoratuko dituzten hiru jostailu-enpresa handi zeuden: Payá, Rico eta Jyesa.

Gerra zibila lehertzearekin batera, jostailuen ekoizpena gelditu egin zen, eta latorria gatazkarekin lotutako produktuak egiteko erabili zen. Latorriaren ordez egurra erabiltzen hasi ziren, eta, ondoren, berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, plastikoa jostailuen sektorea irauli eta demokratizatzera etorri zen; izan ere, orain dela ehun urte, jostailuak luxuzko artikulutzat hartzen ziren, herrialdeko familia burges urrien eskura baino ez. Horren adibide garbia da Gisela panpina, 40ko hamarkadan Mariquita Pérez famatuarekin lehiatzeko sortua. Panpin horren lehen aleak 107 pezetako prezio beldurgarrira iritsi ziren dendetan, obrero baten hileko soldata 150 pezeta ingurukoa izan zitekeen garai hartan.

Zoritxarrez, harri-kartoiz eginak zeuden panpin biak, eta plastikoaren etorrerak baztertu egin zituen, eta Nancyk bere ahizpa nagusien txanda hartu zuen. Horrela, Famosa etxeko panpin enblematikoa (Fábrica Agrupadas de Muñecas de Onil, S. A.) 1960ko eta 1970eko hamarkadetan familia gehienek erosi ahal izan zuten markako lehen panpina izan zen. Garai hartan, milioi bat unitate baino gehiago saldu ziren urtean. Garai hartan eman zen “Las muñecas de Famosa se dirigan al portal …” abestia zuen telebistako iragarki oso-oso ezaguna ere. Toki-mailan, batzuek agian gogoan izango dute Mari Pepa Mendoza, begi handi eta adierazkorduna, Emilia Cotarelo idazle donostiarrak 1936an sortu eta Maria Claret-ek ilustratutako pertsonaia literariotik datorren panpina.

Salmenta ikaragarriez ari garela, ezin dugu ahaztu Tiburón Citroen Payá zeritzona, 1964an gehien saldutako jostailua. Seat 600 ikonikoak ere bere pedaletako auto erreplika izan zuen haurrentzat. ‘Bigotes’ izenaz ezagutzen zen bere maitekiro, aurrealdeko apaingarri zirkularrean kokatutako ‘bibote’ horizontal pareagatik, eta Sauquillo etxeak (Denia, Alacant) egin zuen, mota horretako ibilgailuen fabrikatzaile onenetako bat. Beste jostailu-izar bat Paya Hermanos-en Barreiros kamioi hori ospetsua izan zen, bere iraulkia igo eta jaistea ahalbidetzen zuen kable elektrikoz hornitua, eta “baby boom” urteetan merkaturatutako jostailurik ezagunenetako bat izan zena. Jostailu herrikoiez ari garelarik, Madelman maitea, panpina artikulatu bat, Nancyk bezala, 60ko eta 70eko hamarkadetan muga guztiak gainditu zituena. 1976an, Madelmanen ordez Geyperman jarri zuten, tamaina bikoitza zuena eta garai hartako 1.200 pezetara irits zitekeena.

Etorkizuneko jostailuak: berdintasuna eta teknologia

Gaur egun, gure postontziak jostailu-katalogoz betetzen dira, eta askotan estereotipo sexistak erreproduzitu eta betikotzen dituztela leporatzen zaie. Azterlan batzuek salaketa horiei arrazoia ematen badiete ere, zorionez, gizartea aurrera doa rolen trukerantz eta berdintasunezko balioetarantz. Horren froga da Let Toys Be Toys elkarte britainiarra (Utziezue jostailuei jostailu izaten), hainbat banatzaile konbentzitu baitzituen beren produktuak interesen arabera antola zitzaten, eta ez generoari lotutako kategoriaren arabera (neska/mutila). Era berean, herrialde berean, Londresko jostailu-denda ospetsu batek bere solairuetan bereizketa hori bertan behera uztea lortu zen, jostailu guztiak nahastuta egon zitezen eta neskek eta mutilek bata zein bestea hartzeko aukera izan zezaten.

Adingabeen artean pantailen erabileraren gehiegikeria da egungo beste kezketako bat. Gaia hain dago modan, ezen, aurten, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) lehen aldiz argitaratu baititu gomendioak haurrek telebista ikusten edo mugikor batekin jolasten igaro beharko luketen gehienezko denborari buruz. OMEk ez ditu gomendatzen bi urtetik beherakoentzat, eta telebistaren eta gainerako pantailen erabilera gehienez ordubetera mugatzen du egunean, bi eta bost urte bitarteko adinetan. Era berean, Erakundeak gomendatzen du haurrek gehiegizko pisuari aurre egiteko ariketa egin dezatela eta “kalitatezko” denbora lasaia gozatu dezatela heldu batekin (ipuinak irakurtzea, puzzleak elkarrekin egitea edo beste jardueraren bat), umearen garapen intelektuala eta hizkuntza-trebetasunak sustatzeko.

Pantailak nonahikoak direla ikusita, hainbeste aldatu al da jolasteko modua? Are gehiago, orain helduak garenez, jolasteari uzteraino kendu diogu garrantzia jolasari? Nietzsche-k zioenez, gizakiaren heldutasuna txikitan jolasten zeneko seriotasuna berriro aurkitzea da, eta G.B. Shaw parafraseatuz, ez diogu jolasteari uzten zahartzen garelako, baizik eta jolasteari uzten diogulako zahartzen gara, hain zuzen ere. Berrikuntza teknologikoekin edo horiek gabe, ez dirudi premisa hori hainbeste aldatu denik azken mendean. Azken finean, jolasten ikastea da, eta beti izango da, bizitzen ikastea. Beraz, badakizu. Jolastuko zara?

Artikulu honek zure jakin-mina piztu badu edo nolabaiteko malenkonia eragin badizu, martxoaren 29ra arte Vital Fundazioko erakusketa-zentrora hurbil zaitezke (Posta kalea, 13-15), eta primeran pasa dezakezu 1870 eta 1970 bitarteko jostailu-fabrikatzaile garrantzitsuenen piezen aukeraketa bat ikusten. 100 urte, 100 jostailu du izenburu erakusketa horrek.

Leihoaren argitalpenak jaso nahi badituzu eman ezazu izena gure newsletter zerrendan.