Eusko labela duten dokumentalak

Euskal Zinema Dokumentalaren aitzakian, abangoardia zinematografiko horri buruzko hausnarketa egingo dugu

Hollywoodeko hurrengo txarteldegi-arrakasta ikusten duzunean, pentsa ezazu dokumentalei esker egin zela. Agian baieztapen esajeratu xamarra izan daiteke, baina egia da genero zinematografiko hura aitzindarietako bat izan zela. Zazpigarren artearen lehenengo egunetan, gure bizitzako errealitatea jasotzen zuten grabazioek gizartea asmakizun bitxi horren zale egiteko balio izan zuten. Geroago etorri zen fikzioa, baina lehenengo eta behin dokumentala izan zen. Antzinaantzinatik, gizateriari istorioak kontatzea edo entzutea gustatu zaio, alegiak izan edo benetako gertaerak izan. Azken finean, zinema dokumentala ikus-entzunezko tresna baino ez da, kontaketa erreala edo fikziozkoa eskaintzen diguna eta ikuspegi desberdinak izan dezakeena.

Asmatu eta handik gutxira deskubritu zuen Euskadik zinema dokumentala. Lehendabiziko kamerak eta errodaje ekipoak XIX. mendearen amaieran iritsi ziren gure lurretara. Are gehiago, zinema nazionalaren lehendabiziko grabazioak Gasteizen egin zirela baieztatzen da, zehatzago esanda, garai hartan Gasteizko plaza zaharra zeritzon lekuan (gaur egun Andre Maria Zuriaren plaza). Filmazio dokumental hura Salida de Misa de doce del Pilar de Zaragoza lan ospetsuarekin lehiatu zen, orain arte arlo nazionaleko film zaharrena denarekin. Antonio Salinas argazkilari arabarrak 1897an erosi zuen bere kamera eta grabazio hori filmatu zuen, itzuli eta egun batzuetara. Zoritxarrez ez dago film horren kopiarik gaur egun.

Euskal dokumentalaren heldutasuna

Gaur egunera hurbiltzen ari garen neurrian. Euskal zinema dokumentalak kalitate eta errespetu maila esanguratsua hartzen du. Hala ere, bide hori ez zen erraza izan. Gure lurraldeko dokumentalak ikuspegi biri oso lotuta egon dira: etnografia eta politika. Ez dira gutxi izan euren lanarekin gure kultura eta gizarte identitatearen berri jasota utzi nahi izan duten euskal zinemagileak, gure ohituren eta bizi izan ditugun mota guztietako arazoen berri. Gerra urteetan, kamerek minak markatutako gizartearen sufrimendua atxiki zuten. Guernika (1937), Nemesio Sobrevilla zinemagile bilbotarraren lana, agian, mendearen lehen erdialdeko euskal dokumentalaren adibide onena izan liteke. Bizkaiko herriko hondakinak erakusten dituen film horrek , baita Euskadiko ehundaka neska-mutikoren erbesteratzea ere, munduaren arreta erakartzeko propaganda tresna onena izan zen. Guernika film horri esker, basakeria haren oihartzuna gure planetako bazter guztietara iritsi zen.

Frankismoarekin batera, euskal zinemagintza erori egin zen eta apenas ez zuen lanik sortu, etxean edo zine-klubetan egindako lan batzuk izan ezik. Grabatu zen ia gehiena Pirinioetatik beste aldean egin zen, diktaduraren zentsuratik urrun. Hala ere, eta erregimenaren azken txanpan figura zinematografiko interesgarriak sortzen joan ziren. Querejeta, Schommer, Olea, Erice edo Mercero dira historia egin duten abizenetako batzuk. Garai ilun hartatik Ama Lur (1967) lanarekin geratuko gara, zinematografikoak ez ziren figura birena, Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquert.

Orain eta etorkizuna

Erregimen frankistaren erorketa irekitasunarekin eta zentsuraren apurketarekin batera etorri zen. Hurrengo lau hamarkadetan zehar, euskal dokumentalak hazten jarraitu zuen, gaiak zabaltzen gatazka politikoetatik harago. Hala ere, erreferente handienetako batek politika du, oraindik ere ardatz nagusi. Julio Medemen La Pelota Vasca 2003ko film luze komentatuenetako bat izan zen.

Zinema jaialdiek gure lurraldeko dokumentalak sustatzen jarraitzeko balio izan dute. Donostiako Zinemaldiak horietako askok merezitako aitortza lortzen zutela ikusi du. Eta duela 4 urtetik hona, Vitoria-Gasteizek horiei ematen zaien astea du. Poliki-poliki Euskal Zinema Dokumentalaren Astea hitzordu finko bilakatzen ari da gure inguruko zirkuitu zinematografikoan. Vital Fundazioa Aretoak aurreko urtean aurkeztutako lan onenak eskaintzen dizkigu. Gai sozialak ukitzen dituzte, esate baterako erlijioa, berdintasuna edo istorio bitxiak kontatzen dizkigu, beste barik.

Etorkizuna ona da. Plataforma digitalek dokumentalen aldeko apustua egin dute eta gero eta gehiago dira formatu hori gogoko duten pertsonak. Zinemagintzaren euskal harrobiak dokumentalak egiten jarraitzen du. Azken finean, zinema horrela hasi zen, dokumental batetik.

Leihoaren argitalpenak jaso nahi badituzu eman ezazu izena gure newsletter zerrendan.