Emakumezkoen kirola? Bai, nahi dut

Tituluak eta golak, mateak eta MVPak, Grand Slam-ak edo lehenengo postuak lortzeko grinaz haratago, osasunerako eta hezkuntzarako funtsezko tresna da kirola. Eskola-garaian praktikatzeak gure garapenerako funtsezkoak diren balioak jorratzen laguntzen digu, hala nola laguntasuna edo errespetua. Hala ere, kirolaren aurrean errealitate deigarri bat dago. Berdintasuna egiteke dagoen zeregina da eremu horretan; izan ere, gizonezkoek pisu eta aintzatespen handiagoa izaten jarraitzen dute.

Duela 4 urte, Vital Fundazioak bertako kirol-jardueran astero zer gertatzen zen begiratzen hasi zen, eta aurkitu zuena ez zen lehen aipatutakotik urrun egon. Bai, mutilak kirol-jarduera desberdinekin batera hazten ziren, baina, eta neskak? Haien eginkizuna ez zen batere esanguratsua alor horretan. Kirol baten aldeko apustua egiten zuten neska askok utzi egiten zuten eskola-etapa amaitzean. Eskola-eskakizunak, erreferenterik ezak edo egitura profesionalik ez izateak oztopatu egiten zuten haien kirol-hazkundea.

Zerbait egin behar zen, eta egin zen. 2018an, ‘Bai, nahi dut’ jarri zen abian, Araban emakumezkoen kirola bultzatzeko ekintza-programa. Pizgarriak sortu behar ziren neskak kirolera erakartzeko, esaterako kirol-campusak, gustukoen duten kirolera hurbildu edo hobetzeko guneak, betiere dibertimendua kontuan izanda prestatuak. 2018az geroztik, uztaila campusaren sinonimoa izan da, eta, ordutik, ehunka neskato arabarrek aisialdiko egun batzuk hartu dituzte, arrazoizko prezioan. Jolas-egunen eta igerilekuen oroitzapen ezabaezinak, adin horretan bizitakoa betiko geratzen baita gogoan.

Landu beharreko beste puntu bat emakume erreferenteen belaunaldia zen. Batzuetan oso beharrezkoa izaten da ametsen atzean mirestu daitekeen norbait izatea, oztopoak apurtzeko daudela erakutsiko duen norbait. Arrakasta posible dela erakutsiko digun norbait. Zoritxarrez, oraindik zaila da horrelako erreferentzia femeninoak izatea, edo okerrago, izan badira, baina ikusezin egin dituzte. Horrelako gogoetetatik sortu zen ikasleentzako masterklaseen programa. 2017/2018 ikasturtean sortu zenetik, milaka ikaslek hainbat kirol-modalitatetako emakumezko kirolari arabarrak entzuteko aukera izan dute, curling-etik atletismora. Haien inguruan emakumezko kirolari asko gailentzen ari direla ikusi dute neskato arabarrek.

‘Bai, nahi dut’ proiektuak beti izan du begirada etorkizunean, baina baita orainaldian ere. Arabako edozein emakumek entrenatzaile edo kirol-epaile izateko prestakuntza-ikastaroetan parte hartu ahal izateko beka-programa bat abiarazi zen. Kirol-zuzendaritzarako prestatzeko bekak ere atera ziren, eta urtez urte, gero eta gehiago erabili ziren. Aipatzekoak dira, halaber, Vitoria-Gasteizko erdigunean egindako txapelketak, emakumezkoen eskola-kirola ikusarazteko balio izan zutenak; Emakumezko Kirol-epaileen eta Entrenatzaileen Kongresua (2020); eta 2019ko ‘Bai, mendian’ jardunaldia, emakumezkoa eta mendizaletasuna ardatz hartuta.

Lau urte zoragarri izan dira, eta kirolean berdintasuna lortzeko bidean aurrera egin da. ‘Bai, nahi dut’ amaitu da, baina bere ondareak bizirik jarraituko du ikastetxeetako masterklase zikloari eta kirol campusei esker. Gaur egun, Arabako neskatoek aurrera egiten jarraitzen dute beraiena ere baden esparru horretan, eta oraindik bide luzea dagoen arren, ematen ari diren urratsak sendoak dira. Aurrera goaz.

Leihoaren argitalpenak jaso nahi badituzu eman ezazu izena gure newsletter zerrendan.